20250126

I. Eguaztena

GARIZUMAKO LEHENENGO EGUAZTENA

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen.


Goratzarrea


Salmoak

1 Ant. Jauna, zeure argian ikusten dogu argia.

35. salmoa

 Gaiztakeria jabilko berbaz gaiztoari bihotzean,
    ez dau Jainko-bildurrik begi-aurrean.
    Bere burua dau zuritzen,
    errurik ez dau beragan aurkitzen, ez gorrotatzen.

Okerkeriak eta azpikeriak urteten deutsoe ahotik,
    galdu dau zentzua, ez dau egiten onik.
    Okerkeria dau ohean hausnartzen,
    on ez dan bidean sendo dago,
    ez dau gatxik aldenduazoten.

Jauna, zure maitasuna zeruraino,
    zure leialtasuna hodeietaraino.
    Zure zuzentasuna mendirik handienak haina,
    zure erabagiak itsaso sakona:
    gizaki eta abere Zeuk salbatzen dituzu, Jauna.

Bai eder, Jainko, zure maitasuna!
    Giza-seme-alabak zeure hegalpera batzen dira.
    Zure etxeko guritasunez asetzen dituzu,
    zure atseginen ibaitik edanazoten deutsezu.
    Zeugan daukazu-ta bizi-iturria,
    eta zure argitan ikusten dogu argia.

Luzatu zure grazia ezagutzen zaituenei,
    zure zuzentasuna, bihotz zuzenekoei.
    Ez naiala zapaldu gizon harroen oinak,
    ez naiala jaurti gaiztoaren eskuak.

Hara, gaizkileek lur-jo dabe,
    jausi eta zutundu ezinik dagoz.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jauna, zeure argian ikusten dogu argia.

 

2 Ant. Handia zara, Jauna, eta ospetsua, ahaltsu harrigarria.

Kantika: Jdt 16, 2-3. 15-19

 Goretsi eizue nire Jauna atabalarekin,
    abestu Jaunari kitararekin;
    eresi eta gorespen eiozue,
    Haren izena deitu eta goratu eizue.
    Jainko guda-hausle da Jauna, Jauna da Haren izena.

Kantu barri bat kantatuko deutsat nire Jainkoari:
    handia zara, Jauna, eta ospetsua,
    ahaltsu harrigarria eta ezin-garaitua.

Zure mirabe izan beitez sorkari guztiak,
    Zuk esanik eginak dira-ta.
    Zuk arnasea bialdu eta sortu egin zenduzan,
    zure hitzari atzera eragingo deutsonik ez da inon ezer.

Mendiak oinarritik mugitzen dira urekin,
    harkatxak ezkoa lez urtzen dira Zu ikustearekin;
    baina bildur deutsuenentzat,
    aldeko zara hareentzat.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Handia zara, Jauna, eta ospetsua, ahaltsu harrigarria.

 

3 Ant. Jainkoari irrintzi eiozue.

46. salmoa

 Herri guztiok, txalo jo eizue,
    Jainkoari irrintzi eiozue.
    Goi-goiko Jauna, izan ere, izugarri,
    lurbira osoan errege handi.

Herriak deuskuz guri menperatu, giza-endak oinperatu.
    Aukeratu dau guretzat ondarea:
    maite dauan Jakobentzat aintza-bidea.

Oihu alaien artean igon dau Jainkoak,
    turuta-soinuz Jaunak.

Eresi Jainkoari, eresi, eresi gure erregeri, eresi.
    Jainkoa da-ta lurbira osoan errege,
    eiozue jator goratzarre.

Jainkoa errege da atzerrietan,
    jesarrita dago Jainkoa bere aurki santuan.

Herrietako buruzagiak batu dira,
    Abrahamen Jainkoaren herriagana;
    lurreko handikiak Jainkoarenak dira,
    hain dago-ta garai Bera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jainkoari irrintzi eiozue.

 

Jainkoaren hitza

Dt 26, 17-19

     Gaur hitz emonda zagoz Jaunagaz, Bera izango dala zure Jaungoikoa; Haren bideetan zehar ibiliko zarala; Haren lege, agindu eta erabagiak beteko dozuzala, eta Haren berbea entzungo. Eta gaur berbea emonazo deutsu Jaunak, Haren herri izango zarala, Harek agindu lez, eta Haren esanak egingo dozuzala. Harek aintzaz jasoko zaitu, ospez eta goralpenez, Berak egindako guztien ganetik; eta zeu izango zaitu Jaunak, zure Jaungoikoak, bere herri santu, Berak berbea emon eutsunez.


R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant. Gizaldi gaizto eta sasi-jainko-zale honek ezaugarri bat eskatzen dau. Baina ez jako ezaugarririk emongo, Jonas profetearena besterik.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbazinoa gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuakaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.


Ant.
Gizaldi gaizto eta sasi-jainko-zale honek ezaugarri bat eskatzen dau. Baina ez jako ezaugarririk emongo, Jonas profetearena besterik.

 

ESKARIAK

    Bedeinkatua gure Salbatzailea, Beragan gizon-emakumeak barritzen dauzana, horrela zaharra laga eta guztia barritua gelditu dadin. Horregatik, uste osoz esango deutsagu:

Barritu gaizuz, Jauna, zeure Espirituan.

     —Zeru barri bat eta lur barri bat agindu deuskuzuzan Jauna, barritu gaizuz beti zeure Espirituaz, * zeruko Jerusalemen gozatu zaiguzan.

     —Zugaz batera, Jauna, ahalegindu gaitezala, mundu hau zeure Espirituaz asetzen, * holan seguruago jadetsi daian munduak bere helburua zuzentasunean, maitasunean eta bakean.

     —Egizu, Jauna, zigortu daiguzala gure zabarkeriak eta itzikeriak, * atsegin hartu daigun.

     —Atara gaizuz gatxetik, * eta bide zuzena iluntzen daben lilura txoroetatik zaindu gaizuz.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian) 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

     Begi onez ikusi, Jauna, zeurea dozun eta zeurea izan nahi dauan herri hau; eta emoiguzu gorputza penitentziaz hezitzen dogunoi, egite onen bidez gogo-bihotzak ere barritzea. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko ta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.