20250131

III. Eguaztena

GARIZUMAKO HIRUGARREN EGUAZTENA

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen.


Goratzarrea


1 Ant. Alaitu eizu morroi honen arima, Zeugana dago-eta, Jauna, nire arima.

85 Salmoa

Makurtu eizu, Jauna, belarri hori, entzun naizu,
     gizagaixo eta behartsu nozu-ta,
     Zintzo naz-eta ni Zugaz, zaindu naizu;
     Zugan uste on dauan morroi hau salbau eizu.

Neure Jainko zaitut: erruki nitaz, Jauna,
     Zuri deiez etenik barik dihardut-eta.
     Alaitu eizu morroi honen arimea,
     Zeugana dago-ta, Jauna, nire arimea.

Ona zara-ta, Jauna, eta errukiorra,
     deitzen deutsuen guztientzat onginahiez betea.
     Entzun, Jauna, nire otoitza,
     aditu nire eskariaren hotsa.

Egun larrian deika naiabiltzu,
     entzungo nozu-ta.
     Zure kidekorik ez da, Jauna, jainkoetan,
     Zuk eginen antzekorik ez da eginetan.

Egin dozuzan atzerri guztiak
     etorriko dira, Jauna, Zu gurtzera,
     eta zure izena ospatzera.
     «Handia zara ta mirarigile,
     Zeu zara Jainko bakarra».

Zure bidea erakutsi eidazu, Jauna,
     zure egian ibili nadin;
     emoiozu leialtasuna nire bihotzari,
     zure izenaren bildur izan dadin.

Goretsiko zaitut bihotz osoz, Jauna, ene Jainkoa,
     beti ospatuko dot zure izena.
     Erruki handia izan dozu-ta nigaz,
     atara dozu-ta nire bizia Leza sakonetik.

Harroak jagi jataz, ene Jainko,
     badabil gizon zakarren taldea ni hil-nahian,
     ez zaukez Zu begien aurrean.

Zu, ordea, Jauna, Jainko errukior zaitut eta onbera,
     berant-hasarre, guztiz maitekor eta leiala.
     Begitu eidazu eta erruki zakidaz,
     emoiozu morroi honi zure kemena,
     salbau eizu zure neskamearen semea.

Emoizu nire alde ezaugarri bat,
     gorroto deustenek lotsaturik ikusi daiela,
     Zuk, Jauna, lagundu eta poztua nazala.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Alaitu eizu morroi honen arima, Zeugana dago-ta, Jauna, nire arima.

 

2 Ant. Bai dohatsu, zuzen jokatzen dauana eta leial hitz egiten dauana.

Kantika: Is 33, 13-16

Entzun Nik egina, urrun zarienok;
     ezagutu nire indarra, hur zagozenok.

Bildur dira Sionen, hobengileak,
     ikareak hartu ditu gaizkileak.
     Guretatik nor bizi daiteke su irunskorretan?
     Guretatik nor bizi daiteke betiko garretan?

Zuzen jokatzen dauana
     eta leial hitz egiten dauana;
     indarkeriaren irabaziak uxatzen dituana
     eta eskupekoa gatxetsiz eskua astintzen dauana;
     belarriak estaltzen dauzana odolkeria ez entzuteko,
     begiak ixten dauzana gaiztakeria ez ikusteko.

Holakoa, toki goietan bizi izango da,
     harkatx-ganeko gazteluan babestua;
     emongo jako ogia eta izango dau ura.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Bai dohatsu, zuzen jokatzen dauana eta leial hitz egiten dauana.

 

3 Ant.  Egin txalo, errege dan Jaunaren aurrean.

97 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
     egin dauz-eta hainbat harrigarri.
     Bere eskoiak emon deutso garaipena,
     bere beso santuak.

Ezagutuazo dau Jaunak  Beragandiko garaipena,
     agertu dau atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
     On eta leial izan dala gogoratu dau,
     Israel-etxeari buruz.

Ikusi dabe lur-muga danek,
     gure Jainkoagandiko garaipena,
     Lur osoa, eiozu txalo Jaunari,
     egin oihu eta irrintzi, egin eresi.

Eresi Jaunari kitararekin,
     kitara eta salterio ozenarekin:
     turuta eta adar-hotsean,
     egin txalo errege dan Jaunaren aurrean.

Orro egin bei itsasoak bertako guztiekin,
     lehorrak ere bertan bizi diranekin,
     Txalo jo beie ibaiek,
     pozez oihu egin mendiek.

Jaunaren aurrean, badatorrelako,
     lurbira epaitzera datorrelako.
     Zuzenbidez epaituko dau lurbirea,
     eta zuzentasunez herriak.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Egin txalo, errege dan Jaunaren aurrean.

 

Jainkoaren hitza

Dt 26, 17-19

     Gaur hitz emonda zagoz Jaunagaz, Bera izango dala zure Jaungoikoa; Haren bideetan zehar ibiliko zarala; Haren lege, agindu eta erabagiak beteko dozuzala, eta Haren berbea entzungo. Eta gaur berbea emonazo deutsu Jaunak, Haren herri izango zarala, Harek agindu lez, eta Haren esanak egingo dozuzala. Harek aintzaz jasoko zaitu, ospez eta goralpenez, Berak egindako guztien ganetik; eta zeu izango zaitu Jaunak, zure Jaungoikoak, bere herri santu, Berak berbea emon eutsunez.


R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant. Gizaldi gaizto eta sasi-jainko-zale honek ezaugarri bat eskatzen dau. Baina ez jako ezaugarririk emongo, Jonas profetearena besterik.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbazinoa gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuakaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.


Ant.
Gizaldi gaizto eta sasi-jainko-zale honek ezaugarri bat eskatzen dau. Baina ez jako ezaugarririk emongo, Jonas profetearena besterik.

 

ESKARIAK

    Bedeinkatua gure Salbatzailea, Beragan gizon-emakumeak barritzen dauzana, horrela zaharra laga eta guztia barritua gelditu dadin. Horregaitik, uste osoz esango deutsagu:

Barritu gaizuz, Jauna, zeure Espirituan.

     —Zeru barri bat eta lur barri bat agindu deuskuzuzan Jauna, barritu gaizuz beti zeure Espirituaz, * zeruko Jerusalemen gozatu zaiguzan.

     —Zugaz batera, Jauna, ahalegindu gaitezala, mundu hau zeure Espirituaz asetzen, * holan seguruago jadetsi daian munduak bere helburua zuzentasunean, maitasunean eta bakean.

     —Egizu, Jauna, zigortu daiguzala gure zabarkeriak eta itzikeriak, * atsegin hartu daigun.

     —Atara gaizuz gatxetik, * eta bide zuzena iluntzen daben lilura txoroetatik zaindu gaizuz.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian) 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

     Begi onez ikusi, Jauna, zeurea dozun eta zeurea izan nahi dauan herri hau; eta emoiguzu gorputza penitentziaz hezitzen dogunoi, egite onen bidez gogo-bihotzak ere barritzea. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko ta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.