20250131

II. Eguaztena

GARIZUMAKO II. EGUAZTENA

GORESPENAK

 Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea

 

1 Ant. Zure bideak santu, ene Jainko; nor da handiz gure Jainkoa lako jainko?

76 Salmoa

Jainkoagana joat berbaldia, oihuka nauka,
     Jainkoagana nire berbaldia, entzun naian.

Estualdian Jaunaren bila nabil,
     gauez aspertu barik zabaltzen dot eskua,
     pozari uko egiten deutso nire gogoak.

Aieneka nago Jainkoaz oroitzean,
     arnasea galtzen dot gogoratzean.
     Begirik itxi barik naukazu,
     kezkaz, ezin dot berbarik egin.

Lehengo egunak jataz bururatzen,
     antxinako urteak gogoratzen;
     gauez buru-iraultzen dihardut,
     hausnartuz, neure buruaz galdetzen:

Betiko zapuztu ete gaitu Jaunak?
     Ez ete dogu gure alde aurrerakoan?
     Agortu ete da betiko Haren maitasuna,
     galdu ete da betiko Harek emondako hitza?

Errukitzea Jainkoari ahaztu ete?
     edo-ta, sumindurik, bere errukia itxi ete?
     «Hauxe dot min —da nire esana—,
     Goi-goikoaren eskua aldatu jatana».

Oroitzen naz Jainkoak eginetaz,
    oroitzen, bai, antxinako mirarietaz.
    Zure lan guztiak buruz iraultzen ditut,
    eta zure mirariak hausnartzen ditut.

Zure bideak santu, ene Jainko,
    nor da handiz gure Jainkoa bezain jainko?
    Jainko mirarigile zara Zu,
    herriei zure indarra ikusiazo deutsezu.
    Zeure besoz askatu dozu zure herria,
    Jakoben eta Joseren semeteria.

Urek ikusi zinduezan, ene Jainko,
    urek ikusi zinduezan eta izutu egin ziran,
    olatuak ere ikaratu egin ziran.

Euria erruz egin eben lainoek, 
    hodeiek berbaroa emon eben,
    zure geziek hegaz egin eben.

Zure trumoiak zurrunbiloan burrunba,
    tximistek argitu eben lurbira,
    dardaratu eta ikaratu egin zan lurra.

Itsasoz egin zendun zure bidea,
    eta zure bidexka ur handietan,
    zure aztarnarik ez zan agiri.

Artalde-antzera zenduan zure herria,
    Moisesen eta Aaronen bidez ekarria.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zure bideak santu, ene Jainko; nor da handiz gure Jainkoa lako jainko?

 

2 Ant. Jauzika daukat bihotza Jaunagan, beheratzen eta goratzen dauanagan.

Kantika: 1 Sm 2, 1-10

Jauzika daukat bihotza Jaunagan,
     jagi da nire bekokia Jainkoagan.
     Etsaien aurka zabal dagit berba,
     zure laguntzaz poztutzen naz-eta.
     Ez da santurik Jauna lakorik,
     ez da izan ere besterik,
     ez da harkatxik gure Jainkoa lakorik.

Ez egin berba bar-bar eta harro-harro,
     handi-usterik ez bei urten zuen ahotik.
     Jainkoa da-ta Jauna, guztia dakiana,
     Berak neurtzen dau guk egina.

Bizkorren uztaiak eten egiten dira,
     makalak, ostera, kemenez janzten dira.
     Asetuak, ogi-orde doaz lanera,
     gosetuak, barriz, lanetik atsedenera.
     Zazpitan erditu da agor zana,
     agortu da seme-alaba asko zituana.

Heriotzea eta bizia Jaunak emoten ditu,
     Berak Lezaratzen dau eta handik ataratzen.
     Jaunak dau pobre ta aberats egiten,
     beheratzen eta goratzen.

Hautsetatik jagiazoten dau behartsua,
     sats artetik altxatzen txiroa;
     handikien artean jesarriazoteko,
     eta aurki garaitsu bat damotso.
     Lurraren zutoinak Jaunak bereak ditu-ta,
     lurbirea hareen ganean ipini dau.

Bere zintzoen urratsak ditu zaintzen,
     gaiztoak, barriz, ilunpetan dira galtzen;
     gizakia ez da bizkor bere indarrez.

Bere etsaiak xehatu ditu Jaunak,
     Goi-goikoak ostots egin dau zeruan.
     Jaunak erabagiko ditu lurreko mugak,
     emongo deutso erregeri bere indarra,
     eregiko dau bere Gantzutuaren adarra.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jauzika daukat bihotza Jaunagan, beheratzen eta goratzen dauanagan.


3 Ant. Errege da Jauna, alaitu bedi lurbira! †

96 Salmoa

Errege da Jauna, alaitu bedi lurbira!
     †  Poztu beitez ugarte guztiak!
     Inguruan Laino eta Hodei baltza dakarz,
     Zuzena eta Bidezkoa ditu bere aurkiaren oinarri.

Aurretik Sua joako eta inguruko etsaiak kiskaldu egiten ditu.
     Haren tximistek argitzen dabe lurbirea,
     eta ikustean ikaratu egiten da lurra.

Mendiak ezkoa lez urtzen dira Jaunaren aurrean,
     lur guztiaren Jaunaren aurrean.
     Iragartzen dau ortziak Haren zuzentasuna,
     herri guztiek dakuse Haren edertasuna. (dakuse=ikusten dabe)

Lotsatu egiten dira jainko-irudien jauresleak,
     euren jainkoengan harrotzen diranak:
     Haren aurrean ahuspeztuko dira jainko guztiak.

Entzunez poztutzen da Sion,
     Judako uriak alaitzen dira,
     Jauna, zure erabagiakaitik.
     Zu, Jauna, Goi-goiko, lur guztiaren ganetik,
     oso garai zagoz jainko guztien ganetik.

Maite ditu Jaunak hobena gorrotatzen dabenak,
     bere zintzoen biziak zaintzen ditu,
     gaiztoen eskutik ataratzen ditu.

Argia sortu jako zintzoari,
     alaitasuna bihotz-zuzenari.
     Poztu zaiteze, zintzoak, Jaunagan,
     ospatu eizue Haren izen santua.

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Errege da Jauna, alai bedi lurbira!


Jainkoaren hitza

Dt 7, 6. 8-9

     Herri santu zara zu Jaunarentzat, zure Jainkoarentzat; bere herri izan zaitezan aukeratu zaitu. Berak, lurraren ganean diran herri guztien artean. Maite zaituelako aukeratu zaitue, eta zuen gurasoei zin eginez emondako hitza bete nahi izan daualako atara zaitue Jaunak esku indartsuz, eta askatu morrontza-etxetik, Egiptoko errege Faraonen menpetik. Jakin eizu, ba, Jauna, zure Jaungoikoa, dala egiazko Jainkoa, Jainko leiala; bere alkarteari eta errukiari mila gizalditan zehar eusten deutsona, Ha maite eta Haren aginduak gordetzen dabezanentzat. 


R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant. Gizonaren Semea ez da etorri besteen zerbitzuak hartzera, besteak zerbitzera baino, eta bere bizia askoren erospen-sari emotera.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Gizonaren Semea ez da etorri besteen zerbitzuak hartzera, besteak zerbitzera baino, eta bere bizia askoren erospen-sari emotera.


Eskariak

     Eskerrak emon deioguzan Jainko Aitari, eta eskatu deiogun, egun salbagarriotan, Espiritu Santuak eraginda, garbitu daizala gure bihotzak eta maitasunean sendotu, esanez:

Emoiguzu, Jauna, zeure Espiritu Santua.

     —Iguzu, Jauna, zure ahotik datorren hitz guztiz * asetu gaitezala.

     —Iguzu, izan daigula maitasuna, ez gauza handietan baino ez, * eguneroko gora-behera txikietan ere bai baino.

     —Emoiguzu, gehiegizkotik ihes egitea, * senide behartsuei laguntzeko.

     —Emoiguzu, zure Semearen heriotzea geure gorputzean eroatea beti, * Haren gorputzean biziazo gaituzun ezkero.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

    Eroaizu, Jauna, zure familia, Zeuk erakutsi deutsazun bide onetik; lurreko gauzetan zure laguntza izanik, betiraunekoak gogo biziagoz bilatu daizan. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.