20250201

IV. Martitzena

GARIZUMAKO LAUGARREN MARTITZENA

 GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera. 

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
       Hasieran zen bezala orain eta beti
       gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea


1 Ant. Zeuri abestuko deutsut salterioz, Jauna, eta hartuko dot biderik zuzenena. 

100 Salmoa

Nire kanta-gai maitasuna ta zuzentasuna,
     Zeuri abestuko deutsut salterioz, Jauna.
     Biderik zuzenena dot hartuko;
     Zu nigana noiz etorriko?

Bihotz errugabez ibiliko naz,
     nire etxe barruan.
     Nire begien aurrean ez dot asmorik
     gaiztakeria egitekorik.

Gaizkileari nik gorroto,
     ez da nigana batuko.
     Bihotz gaiztoa urrun egongo da nigandik,
     ez dot ezagutuko gaizto danik.

Lagun-hurkoa isilpean bezten diharduana,
     haxe da galduko dodana.
     Begi-goi dana eta bihotz-harro,
     nik ez dot jasango.

Nire begiak lurreko zintzoei begira:
     neugaz bizi izango dira;
     bide garbian dabilana,
     haxe nire morrontzan jardungo dauana.

Ez da inor bizi izango nire etxean,
     iruzur eginean.
     Guzurrez diharduana ez da egongo oinen ganean,
     nire begien aurrean.

Lurreko hobendunak goizero galduko ditut,
     haizatuko Jaunaren uritik gaizkile guztiak.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zeuri abestuko deutsut salterioz, Jauna, eta hartuko dot biderik zuzenena. 

 

2 Ant. Zure izen onagatik! Ez gaizuz zapuztu, Jauna.

Kantika: Dn 3, 26.27.29.34-41

Bedeinkatua Zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa!
     Goresgarria eta aintzagarria betiko zure izena!

Egin deuskuzun guztian zuzena zara-ta,
     zure egite guztiak zinak dira.
     Zuzenak dira zure bide guztiak,
     egiazkoak zure epai guztiak.

Bai, pekatu egin dogu, eta oker jokatu,
     Zugandik aldenduz.
     Guztian hutsegin dogu,
     zure aginduak ez ditugu entzun.

Zure izen onagaitik!
     Ez gaizuz betiko zapuztu, Jauna,
     eta ez hausi gugaz dozun ituna.
     Ez ukatu guri zure errukirik,
     Abraham zure maiteagaitik;
     Isaak zure morroiagaitik,
     Israel zure santuagaitik.

Zeuk emon zeuntsen-eta berbea
     zeruko izarrak eta itsasoko hondarrak lez,
     ugarituko zendula hareen ondorea.

Orain, ordea, Jauna, oso txiki bihurtu gara,
     beste herri guztien aldean;
     hankapetuta gagoz gaur lurbira osoan,
     geure pekatuen ordainetan.

Aldi honetan ez dogu buruzagirik,
     ez profeta, ez gidari, ez erre-oparirik,
     ez opari, ez eskeintza ta ez lurrunik;
     Ez dogu lehen frutuak Zuri eskeintzeko tokirik,
     ez zure errukia non-aurkiturik.

Horregatik, Jauna, hartu gaizuz onez,
     bihotz-damuz gagoz-eta,  eta gogo apalez;
     hartu gaizuz, ahari eta zezenen erre-opari lez,
     milaka bildots gizen lez.

Halan izan bedi gaur gure oparia zure aurrean,
     eta atsegin bekizu guk Zuri jarraitzea,
     ez dira-ta lotsatuko Zugan uste on dabenak.

Orain bihotz-bihotzez jarraitzen deutsugu,
     zure bildur gara eta zure aurpegiaren bila gabiltzuz.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zure izen onagatik! Ez gaizuz zapuztu, Jauna.

 

3 Ant.  Kantu barri bat kantatuko deutsut, Jauna.

143a Salmoa

Bedeinkatua izan bedi nire harkatx dan Jauna,
     eskuok gudura eta atzamarrok burrukara
     egokitzen deustazana.
     Nire laguntzaile eta nire gaztelu,
     nire salbatzaile eta gordeleku.
     Nire babeski eta batze-leku da-ta,
     herriak menpeko emon deustazana.

Jauna, zer da gizona Zu haretzaz arduratu zaitezan?
     Zer da gizasemea Zu haretzaz oroitu zaitezan?
     Gizona arnasaldi baten antzeko,
     haren egunak, iges doan gerizearen antzeko.

Eratsi eizu ortzia eta jatsi zaitez, Jauna,
     ikutu eizuz mendiak, eta ketan jarriko dira.
     Tximistez jo eta sakabanatu eizuz,
     zure gezia jaurtiz ikaratu eizuz.

Luzatu eidazu eskua goiko ganetik,
     atara naizu eta salbau uholdetik,
     atzerritarren eskutik.
     Guzurra dino-ta hareen ahoak,
     hareen eskoiak guzurrezko zina.

Kantu barri bat kantatuko deutsut, Jainkoa,
     hamar hariko salterioz abestekoa,
     Erregeei garaipena emon deutsezuna,
     Dabid, zure morroia, onik atara dozuna.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Kantu barri bat kantatuko deutsut, Jauna.

 

Jainkoaren hitza

 Jl 2, 12-13

     Bihurtu zaiteze Neugana bihotz-bihotzez: barauez, negarrez eta saminez. Urratu eizuez bihotzak, ez soinekoak; bihurtu zaiteze Jaunagana, zuen Jainkoagana; bihotzbera eta errukitsua da-ta, hasarregatxa, erruki handikoa, eta bere zemaiez damutzen dana.


R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant.  Osatu nauanak esan deust: Hartu zure esku-ohea eta zoaz bakean.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Osatu nauanak esan deust: Hartu zure esku-ohea eta zoaz bakean.

 

Eskariak

     Eskerrak emon deioguzan Aitari, bere Seme Bakarra, Hitz gizon egina, gure janari eta bizi izateko emon deuskunari. Egin deiogun Berari otoitz, esanez:

Kristoren Hitza bizi izan bedi gugan oparo.

     —Iguzu, zure hitza sarriago entzun daigula Garizumako sasoi honetan, * eta gure Pazkoa dan Kristo egokiago ospatu daigula, gero eta hurrago dan kristau-jai nagusian.

     —Zure Espiritu Santuak argitu gaizala, * zalantzan dagozanak eta galdurik dabiltzanak egiara eta onera erakarri daiguzan.

     —Emoiguzu, Kristoren misterioa sakonago ulertzeko grazia, * hori, gure bizieran, garbiago agertu daigun.

     —Egun salbagarriotan, garbitu eta barritu eizu zure Eleizea, * gero ta bikainago egin daian zure autormen.


(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 
Otoitza

     Garizumako egintza santuek, Jauna, prestau daiezala zure fededunen gogo-bihotzak Pazko misterioa egoki ospatzeko eta salbazinoaren barri ona zabaltzeko. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.