20250206

Zapatu Santua

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea

 

1 Ant. Negar egingo dabe, seme bakarrarentzat egiten dan lez, erru bako izanik ere  Jauna hil egin dabe-ta.

63 Salmoa

Entzun, ene Jainko, nire negar-intziria,
      etsai-bildurretik zaindu nire bizia.
      Gorde naizu gaiztoen batzarretik,
      gaizkileen zalapartatik.

Mihina ezpata-antzera zorrozten dabe,
      gezi-antzeko hitz zitalak bialtzen dabez,
      errugabea jotzeko ezkututik:
      ustekabean jotzen dabe eta ez dabe bildurrik.

Gogor dihardue kalte egin-nahian,
      sareak zabaltzeko asmotan isilka,
      hauxe dinoe: «Nor dago begira?»

Gaiztakeriak asmatzen dabez,
      eta ixil-gordeka dihardue,
      bakotxaren barrena ta bihotza leza dira.

Baina Jaunak geziz jotzen ditu,
      bat-batean zauritzen ditu.
      Euren mihinak berak ditu galtzen,
      begira dagozanek buruari dutose eragiten.

Danak dira bildur: Jainko-lanak dabez aldarrikatzen,
      Harek eginak hausnartzen.

Poztutzen da Jaunagan zintzoa,
      eta Harengana da batzen:
      bihotz-zuzenek burua dabe jasotzen.

Aintza Aitari eta Semeari
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     gizaldi eta gizaldietan. Amen.

Ant. Negar egingo dabe, seme bakarrarentzat egiten dan lez, erru bako izanik ere  Jauna hil egin dabe-ta.

 

2 Ant. Atara naizu, Jauna, Lezako ateetatik.

Kantika: Is 38, 10-14. 17-20

Holan ninoan: «Joan beharrean nago nire egunen erdian;
      Lezako ateetan itziko nabe
      gelditzen jatazan urteetan».

Holan ninoan:
      «Ez dot barriro Jauna ikusiko bizien lurrean,
      ez dot barriro gizakirik ikusiko lurtarren artean.

Erauzi eta kendu egin deuste bizilekua,
      artzainen oihal-txabola lez;
      euliek lez hariltzen neban nire bizia,
      eta moztu egin deustazu haria».

Gau ta egun hondatzen nozu,
      goizera arte oihuka naukazu.
      Lehoi batek lez, hazur guztiak xeatzen deustazuz.

Txioka dihardut elaia lez,
      urruka usoa lez;
      makaltzen jataz begiok gora begira;
      Jauna, larri naz, heldu zakidaz!»

Hara, osasun bihurtu da nire gaixoaldia,
      Zeuk gorde dozu-ta heriotza-zulotik nire bizia,
      zeure atzera jaurti dozuz nire hoben guztiak.

Ez zaitu, ez, Lezeak eskertzen,
      ez Heriotzeak goresten,
      zulora doazenek ez dabe zure leialtasuna itxaroten.
      Bizidunak, bizidunak baino ez zaitu eskertzen,
      neuk orain lez;
      aitak iragartzen deutse seme-alabei zure leialtasuna.

Zatorkidaz, Jauna, salbatzera,
      eta joko dogu soinua, Jaunaren etxean,
      bizi garan egun guztietan.

Aintza Aitari eta Semeari
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Atara naizu, Jauna, Lezako ateetatik.

 

3 Ant. Hila izan nintzan, eta ikusten dozu, orain bizirik nago gizaldien gizaldietarako; eta Neuk daukadaz heriotzearen eta infernuaren giltzak.

150 Salmoa

Goretsi eizue Jauna bere jauretxean,
      Goretsi eizue bere zeru ospetsuan.
      Goretsi eizue, Berak egin-lan handiakaitik,
      Goretsi eizue bere handiaren handiagaitik.

Goretsi eizue turutaren hotsez,
      Goretsi eizue salterioz eta kitar-hotsez.
      Goretsi eizue zaldabai eta dantzarekin,
      Goretsi eizue zurda-soinu eta txistuarekin.

Goretsi eizue txilin ozenekin,
      Goretsi eizue txilin alaiekin.
      Arnasa dauan guztik Jauna goretsi bei.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Hila izan nintzan, eta ikusten dozu, orain bizirik nago gizaldien gizaldietarako; eta Neuk daukadaz heriotzearen eta infernuaren giltzak.


Jainkoaren Hitza

Is 52, 13-15

     Euren larritasunean bila etorriko jataz goiz-goizetik. Erdu, bihurtu gaitezan Jaunagana; Berak zauritu ginduzan, Berak osatuko gaitu; Berak jo ginduzan, eta Berak lotuko deuskuz zauriak. Egun bian biziazoko gaitu, hirugarrenean biztuko; eta Haren aurrean gara bizi izango.

 

Galderantzunaren ordez…

      Kristo gugatik menpeko egin zen heriotzaraino, kurutzeko heriotzaraino. Horregaitik Jainkoak goratu egin eban, eta izen guztien ganeko izena emon eutson.

 

Bened. ant.  Gizadiaren Salbatzaile, salbau gaizuz; zure kurutze ta odolaz erosi gaituzun gure Jainko, lagundu eiguzu.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant.  Gizadiaren Salbatzaile, salbau gaizuz; zure kurutze ta odolaz erosi gaituzun gure Jainko, lagundu eiguzu.

 

Eskariak

      Gurtu daigun bihotzez, gugaitik hil eta hobiratua izan dan gure Salbatzailea, eta egin deiogun otoitz Berari, esanez:

Jauna, erruki zakiguz.

      —Kristo Salbatzaile, zeure ama nahigabetua izan zenduan lagun kurutzearen oinetan eta zure hilobi-ondoan; * gure nahigabeetan egin gaizuz zure nekaldiaren erdikide.

      —Jesu Kristo Jauna, galgarauaren antzera, lurpean gelditu zinan hilotzik, bizi-frutu ugariak emoteko; * iguzu, geu ere pekaturako hilda, Jainkoarentzat bizi izan gaitezala.

      —Gure Artzain on, hilobian etzunda, ezkutuan egon zinan danentzat; * irakatsi eiguzu, Zugaz Aitagan biziera ixil bat eroaten.

      —Adan barri, munduaren hasieratik hilen artean bahiturik egozan zintzoak askatzera jatsi zinan; * egizu, euren pekatuakaitik hilda dagozan guztiek entzun daiela zure berbea eta bizi izan daitezala.

      —Kristo, Jainko biziaren Seme, Bateoan Zugaz hobiratuak izan gara; * iguzu, biztueran Zugaz bat eginik, biziera barri bat eroan daigula.

 (… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

      Jaun ahalguztiduna, zure Seme bakarra hilen artera jaitsi zan eta garaile urten eban hilobitik; egizu, arren, Bateoaren bidez Kristorekin hobiratuak izan diran zure fededun guztiak biztu daitezela Harekin betiko bizira. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.