20250205

Bariku Santua

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea

 

1 Ant. Jainkoak bere Semeari berari ere ez eutson parkatu, hauxe baino: geu guztiontzat emon eban.

50. salmoa

Erruki zakidaz, Jainko, dozun maitasun handiaz,
      suntsitu eizu nire makurra zure amaigabeko errukiaz.
      Garbitu naizu zehatz nire hobenetik,
      ikuzi naizu nire gaiztakeriatik.

Nire bihurrikeria ezagutzen dot-eta,
      nire hobena beti dot-eta begien aurrean.
      Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri baino ez,
      zure begietan oker dana egin dot nik.

Zuzen agertuko zara auzian,
      zintzo zure epaian.
      Hobendun sortua naz izan ere,
      pekatuan ninduan amak erne.

Zuri, ostera, bihotz leiala atsegin jatzu,
      bihotz-munean zuhurtasuna irakasten deustazu.
      Busti naizu isipuz, eta garbi geldituko naz,
      ikuzi naizu, eta edurra baino zuriago geldituko naz.

Entzunazo poza ta atsegina niri;
      xehatu dozuzan hazurrok egin beie jauzi.
      Aurpegi hori nire hobenetatik alderatu eizu,
      nire makurkeria guztiak suntsitu eizuz.

Bihotz garbi bat, Jainko, sortu eizu nigan,
      arnasa bizkorra barritu eizu nire barruan.
      Ez naizu urrundu zure aurretik,
      zure arnasa santua ez kendu niri.

Zure salbamenaren poza bihurtu eidazu,
      zure arnasa zabalez sendotu naizu.
      Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
      Zeugana bihurtuko dira pekatariak.

Atara ni odol-zigorpetik, Jainko,
      Jainko, ene salbatzaile;
      eta nire ezpanek zure zuzentasuna
      pozetan zabalduko dabe.

Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna,
      eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena.
      Ez jatzu-ta atsegin oparirik,
      erre-opariak ez zeunkez hartuko, nik emonik.

Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
      ez dozu gitxietsiko, Jainko,
      bihotz damutu eta umildua.

Agertu zaitez, Jauna, onbera Sionekin,
      Jerusalemgo harresiak barritu eizuz.
      Orduan onartuko dozuz
      legezko opari, emari eta erre-opariak;
      orduan izango dira zekorrak zure altaran eskeiniak.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jainkoak bere Semeari berari ere ez eutson parkatu, hauxe baino: geu guztiontzat emon eban.

 

2 Ant. Jesu Kristok maite izan gaitu eta bere odolaz garbitu gaitu gure pekatuetatik.

Kantika: Ha 3, 2-4. 13a. 15-19

Jauna, entzun dot Zuk entzutera emona,
    harritu nau, Jauna, Zuk egindako lanak.
    Urteen buruan lan hau erakutsi eizu,
    urteen buruan ezagutuazo eizu.
    Hasarrean errukia gogoratu eizu.

Etorriko da Jauna Teman-aldetik,
    Santua Faran-ganetik.
    Handiz estaltzen dau zerua,
    Haren gorespenez betea da lurra.
    Haren edertasuna argia lez,
    Haren eskutik argi-izpiek dabe urteten,
    Haren indarra dabela gordetzen.

Urteten dozu zure herria salbatzera,
    zure gantzutua salbatzera.
    Ibili zara itsasoan zehar zure zaldiz,
    olatu gogor eta ur handiz.

Hau entzunez, nire erraiak ikara,
    soinu horrekin nire ezpanak dardara.
    Sartu da bildurra nire hazurretan,
    koloka dodaz oinak euren orpoetan.
    Lasai itxaroten dot larri-eguna,
    gu zapaltzen gaituan herriari sortuko jakona.

Ikoak ez badau lorarik,
    eta mahastiak ere ez uztarik;
    oriondoak hutsegingo baleu,
    landeak janaririk ekarriko ez baleu;
    artegian ardiak urrituko balira,
    behirik ez balego kortan;

halan be, alaituko naz ni Jaunagan,
    poztuko, salbatzaile dodan Jainkoagan.
    Nagusi dan Jauna dot indarra;
    basahuntzaren oinak emongo deustaz
    ganez-gane nau atarako.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jesu Kristok maite izan gaitu eta bere odolaz garbitu gaitu gure pekatuetatik.

 

3 Ant. Zure kurutzea gurtzen dogu, Jauna, eta zure biztuera santua goresten eta handiesten, haga honen bidez etorri zan-eta poza mundu guztira.

147 Salmoa

Jerusalem, ospatu eizu Jauna,
  Sion, goretsi eizu zure Jainkoa.
    Zure ateen sarrailak indartu dauz-eta,
    zure seme-alabak zure barruan bedeinkatu ditu.
    Zure mugetan bakea jarri dau-ta,
    gari-maminez asetu zaitu.

Bialtzen dau lurrera bere berbaroa,
    eta Haren hitza bizkor eta arin doa.
    Emoten dau edurra artulea lez,
    zabaltzen dau aintziarra hautsa lez. 

Ogi-apurraren antzera jaurtitzen dau bere izotza:
    Nork jasan daike haren hotza?
    Bialtzen dau bere hitza,
    eta beragaz urtzen dira,
    bere haizeari eraginez urak isurika doaz.

Iragarri deutso bere hitza Jakobi,
    bere erabagi eta aginduak Israeli.
    Ez deutso egin holakorik beste herriri,
    bere aginduak ez deutsoz agertu besteri.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

 Ant. Zure kurutzea gurtzen dogu, Jauna, eta zure biztuera santua goresten eta handiesten, haga honen bidez etorri zan-eta poza mundu guztira.


Jainkoaren Hitza

Is 52, 13-15

     Hara, nire zerbitzariak aurrera urtengo dau; handia egingo da eta goratua izango. Asko haretzaz ikaraturik gelditu baziran ere —haretarainoxe galdu eban giza-itxura, eta gizona zanik be ez eban emoten—, gero harriturik geldituko dira herri asko, eta erregeak haren aurrean hitzik barik geldituko dira, gaurdaino esan ez zana ikustean, eta entzun ez zana begiratzean.

 

Galderantzunaren ordez…

Kristo gugatik menpeko egin zen heriotzaraino, kurutzeko heriotzaraino.

 

Bened. ant.  Buru-ganean idazkun bat ipini eutsoen, hoben-agiri lez: Hau Jesus Nazaretarra da, Judutarren Erregea.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Buru-ganean idazkun bat ipini eutsoen, hoben-agiri lez: Hau Jesus Nazaretarra da, Judutarren Erregea.

 

Eskariak

      Bihotz-bihotzez gurtu daigun, gugatik hil eta hobiratua izan zan gure Salbatzailea, eta eskatu deiogun:

Jauna, erruki zakiguz.

      —Gure Jaun eta Maisu, gugatik hiltzeraino esaneko egin zaran horrek, * irakatsi eiguzu Aitaren nahia zintzo betetzen beti.

      —Gure bizia zaran Horrek, Zuk zugatzeko heriotzaz garaitu zenduzan infernua eta herioa; * iguzu, Zeugaz hil gaitezala, Zeugaz aintzara biztutzeko.

      —Gure Errege, gizon-emakumeen lotsakizun egina, eta lurreko harra lez zapaldua, * irakatsi eiguzu, zure apaltasun salbagarria.

      —Zure bizia senide maiteen alde emon zenduan, eta gure Salbamen zaran Horrek, * egizu, horrelakoxe maitasunez maitatu daigula alkar.

      —Gure Salbatzaile, kurutzean besoak zabaldurik, gizon-emakume guztiak Zeuganatu dituzun Horrek, * batu eizuz zeure erreinuan gaur sakabanatuta dagozan Jainko seme-alaba guztiak.

 (… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

     Jaun ona, begira Zure familia Santuari, beragatik eroan ebazan-eta Jesu Kristo gure Jaunak kurutzeko nekeak, bere burua bere arerioei emonez. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.