20250201

IV. Eguaztena

GARIZUMAKO LAUGARREN EGUAZTENA

GORESPENAK

 Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea


1 Ant. Bizkor daukat bihotza, bizkor, ene Jainko. †

107 Salmoa

Bizkor daukat bihotza, bizkor, ene Jainko,
 †  eresi eta goratzarre deutsut egingo.
     Izartu zakidaz, barrena,
     izartu zaiteze, salterio eta kitara,
     izartuazoko dot artizarra.

Goretsiko zaitut, Jauna, herrietan,
     goratzarre egingo deutsut atzerrietan.
     Handi da-ta zure maitasuna zeruetaraino,
     zure leialtasuna hodeietaraino.

Jainko, agertu zaitez garai zeruan,
     zabaldu bedi lur osoan zure edertasuna.

     Zure maiteak onez atara eizuz,
     lagundu eiezu eskoiez eta entzun gaizuz.

Holantxe egin dau berba Jainkoak bere jauretxean:
     «Siken pozetan dot banatuko,
     Sukot-ibarra neurtuko.

Neure lur dot Galaad, neure lur Manases,
     Efrain neure buru-oskol da,
     neure errege-makila Juda.

Neure garbi-ontzi dot Moab,
     Edon-ganean oinetakoa dot jarriko,
     Filisteari garaipen-oihu egingo».

Uri sendora nork nenkarke?
     Edoneraino nork eroango ninduke?
Ez ete Zeuk, zapuztu gaituzun Jainko horrek,
     gure gudari-taldeekin gehiago urteten ez dozun horrek?

Etsaien aurka emoiguzu laguntza,
     ustela da-ta giza-laguntza.
     Jainkoa lagun, gogor dogu jokatuko,
     eta gure etsaiak, Berak ditu zapalduko.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Bizkor daukat bihotza, bizkor, ene Jainko.

 

2 Ant. Osasun eta garaipen-estalkiz jantzi nau Jaunak.

Kantika:  Is 61, 10—62,5

Pozez beterik nauka Jaunak,
     nire arimea Jainkoagaz alai daukat:
     osasun-soinekoz jantzi nau,
     garaipen-estalkiz apaindu;
     Koroia jazten dauan senargaia lez,
     edergailuz apaintzen dan andragaia lez.

Lurrak landarak emoten dauzan lez,
     eta ortuak hazia ernetzen dauan lez:
     halantxe erneazoko dau Jaunak zuzenbidea
     eta gorespena atzerri guztien aurrean.

Sionen maitez ez naz isilduko,
     Jerusalemen maitez ez naz geldi egongo;
     Haren zuzentasuna distira lez argituko dan arte.
     Haren salbamena zuzia lez biztuko dan arte.

Ikusiko dabe herriek zure zuzentasuna,
     erregeek zure ospea;
     Izen barria ipiniko jatzu,
     Jaunaren ahoak emona.

Koroi eder izango zera Jaunaren eskuan,
     errege-burestun zure Jainkoaren eskuan.

Ez deutsue barriz deituko «Itzia»,
     ez eta zure lurraldeari ere «Hondamendia».
     «Neure atsegina» deituko deutsue zuri,
     eta «Senarduna», zure lurraldeari.
     Atsegin izango dau-ta zugan Jaunak,
     eta senarduna izango da zure lurraldea.

Mutil gaztea neskatileagaz ezkontzen dan lez,
     zure eraikilea zeugaz ezkonduko da;
     Senarrak emazteagaz hartzen dauan poza,
     zeugaz hartuko dau zure Jainkoak.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Osasun eta garaipen-estalkiz jantzi nau Jaunak.

 

3 Ant.  Goretsiko dot Jauna bizi nazan artean.

145 Salmoa

Goretsi eizu Jauna, ene barrua,
     goretsiko dot Jauna bizi nazan artean,
     eresi egingo deutsat Jainkoari ni nazan artean.

Itxaropenik ez ipini nagusiengan,
     salbamenik ez dakarren gizonagan.
     Arnasa galtzean hauts bihurtuko da,
     orduan desegingo dira haren asmoak.

Bai dohatsu, Jakoben Jainkoa lagun dauana,
     Jaunagan, bere Jainkoagan, uste on jarri dauana.
     Bera da, zerua ta lurra,
     itsasoa eta han dagozan guztiak egin dauzana.

Leiala da betiren beti,
     emoten deutse, eskubidea zapalduei,
     ogia, gose diranei.

Atxilotuak Jaunak askatzen ditu,
     itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.
     Konkor dagozanak Jaunak dauz zutunduazoten,
     zintzoak Jaunak ditu maitatzen.

Arrotzak Jaunak ditu zaintzen,
     umezurtz eta alargunak laguntzen,
     eta gaiztoen asmoak eragozten.

Errege izango da Jauna sekuletan,
     zure Jainkoa, Sion, menderen mendeetan.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
   Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Goretsiko dot Jauna bizi nazan artean.

 

 Jainkoaren hitza

Dt 7, 6. 8-9

     Herri santu zara zu Jaunarentzat, zure Jainkoarentzat; bere herri izan zaitezan aukeratu zaitu. Berak, lurraren ganean diran herri guztien artean. Maite zaituelako aukeratu zaitue, eta zuen gurasoei zin eginez emondako hitza bete nahi izan daualako atara zaitue Jaunak esku indartsuz, eta askatu morrontza-etxetik, Egiptoko errege Faraonen menpetik. Jakin eizu, ba, Jauna, zure Jaungoikoa, dala egiazko Jainkoa, Jainko leiala; bere alkarteari eta errukiari mila gizalditan zehar eusten deutsona, Ha maite eta Haren aginduak gordetzen dabezanentzat. 


R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant. Nire berbea entzuten dauanak eta Ni bialdu nauanari sinisten deutsonak badau betiko bizia —dino Jaunak—.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Nire berbea entzuten dauanak eta Ni bialdu nauanari sinisten deutsonak badau betiko bizia —dino Jaunak—.


Eskariak

     Eskerrak emon deioguzan Jainko Aitari, eta eskatu deiogun, egun salbagarriotan, Espiritu Santuak eraginda, garbitu daizala gure bihotzak eta maitasunean sendotu, esanez:

Emoiguzu, Jauna, zeure Espiritu Santua.

     —Iguzu, Jauna, zure ahotik datorren hitz guztiz * asetu gaitezala.

     —Iguzu, izan daigula maitasuna, ez gauza handietan baino ez, * eguneroko gora-behera txikietan ere bai baino.

     —Emoiguzu, gehiegizkotik ihes egitea, * senide behartsuei laguntzeko.

     —Emoiguzu, zure Semearen heriotzea geure gorputzean eroatea beti, * Haren gorputzean biziazo gaituzun ezkero.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

    Jainko Jauna, zintzoen saritzaile eta pekatari damutuen parkatzaile, erruki zakiguz; eta pekatari garala autortzen dogunoi emoiguzu parkamena eta bakea. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.