20250131

III. Martitzena

GARIZUMAKO HIRUGARREN MARTITZENA

 GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera. 

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
       Hasieran zen bezala orain eta beti
       gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea

 

1 Ant. Zure lurrarekin, Jauna, onbera agertu zara, parkatu deutsazu zure herriari gaiztakeria.

84 Salmoa

Zure lurrarekin, Jauna, onbera agertu zara,
     on bihurtu dozu Jakoben zoria.
     Parkatu deutsazu zure herriari gaiztakeria,
     estaldu deutsazuz hoben guztiak.
     Emon deutsazu galga zure sumin handiari.
     atzera eragin deutsazu zure hasarre-minari.

Birbiztu gaizuz, Jainko gure salbatzailea,
     itzi eizu gugana daukazun hasarrea.
     Gurekin betiko hasarratu zara, ala?
     Zabalduko dozu hasarre hori gizaldi guztietara?

Ez gaituzu barriro biztuko, ala?
     Ez da zure herria Zugan poztuko?
     Jauna, zure onginahia erakutsi eiguzu,
     zure salbamena emoiguzu.

Entzungo dot Jainko Jaunak dinoan hitza:
     «Bakezkoa da Jainkoaren hitza,
     bere herri eta bere zintzoentzat,
     bihotzez Harengana bihurtuentzat».

Hurrean jake Haren bildur diranei salbamena:
     gure lurrean Haren aintza bizi izango da.
     Onginahiak eta leialtasunak alkarren bidera urtengo dabe,
     zuzentasuna ta bakea laztanka bizi izango dira.

Lurretik erneko da leialtasuna,
     zerutik begira egongo zuzentasuna.
     Jainkoak on dana emongo dau,
     gure lurrak bere uzta ekarriko dau.

Zuzentasuna ibiliko da Haren aurrean,
     eta salbamena Haren urratsen bidean.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zure lurrarekin, Jauna, onbera agertu zara, parkatu deutsazu zure herriari gaiztakeria.

 

2 Ant. Nire bihotzak irrikatzen zaitu gauean, nire gogoa zure bila dabil goizean.

Kantika: Is 26, 1-4. 7-9. 12

Bai sendo gure uria!
     Harresi eta harresi-aurreko babes jarri deutsoz.
     Zabaldu eizuez ateak,
     sartu dadin herri zintzo eta leiala.
     Sendo dauka bihotza eta zaintzen dau bakea,
     Zeugan dau-ta itxaropidea.

Itxaron beti Jaunagan,
     Jauna da-ta Harkatx menderen mendeetan.

Zintzoaren bidea zuzena da,
     Zeuk zelaitzen dozu zintzoaren bidezidorra.
     Zure epaien bidean, Jauna, zain gaituzu,
     zure izenaren eta oroipenaren egarri gara.

Nire bihotza zure egarri da gauean,
     nire gogoa zure bila dabil goizean,
     zeure epaiek argitzen dabe-ta lurra,
     eta zuzentasuna ikasten, lur osoan bizi diranek.

Jauna, Zeuk emongo deuskuzu bakea,
     gure egite guztiak Zeuk eginak dira-ta.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Nire bihotzak irrikatzen zaitu gauean, nire gogoa zure bila dabil goizean.

 

3 Ant.  Agertu eiguzu, Jauna, zure aurpegi alaia.

66 Salmoa

Erruki bekigu, Jainkoa, bedeinkatu gaizala,
     agertu deigula aurpegi alaia;
     ezagutu daien lurrean zure bidea,
     herri guztietan Zugandiko salbamena.

Ene Jainko, ospatu zaiezala herriek,
     ospatu zaiezala herri guztiek.

Poztu beitez kantari atzerriak,
     zuzenbidez daroazu-ta izadia;
zintzo dozuz-eta gidatzen herriak,
     eta zaintzen lurrean atzerriak.

Ene Jainko, ospatu zaiezala herriek,
     ospatu zaiezala herri guztiek.

Lurrak bere uzta emon dau,
     Jainkoak, gure Jainkoak, bedeinkatzen gaitu.
     Jainkoak bedeinkatu gaizala,
     lur bazter guztiek bildur deutsoela.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Agertu eiguzu, Jauna, zure aurpegi alaia.

 

Jainkoaren hitza

Dt 30, 15-16

     Begira, bizia eta zoriona, heriotza eta zoritxarra jartzen deutsudaz gaur aurrean. Aditzen badituzu gaur emoten deutsudazan aginduak: Jauna, zure Jainkoa, maitatuz, Haren bideetan zehar ibiliz, eta Haren aginduak, erabagiak eta esanak betez, bizi izango zara eta ugarituko; eta bedeinkatuko zaitu Jaunak, zure Jainkoak, jabe izateko sartuko zaran lurraldean.

 

R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant.   Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi eutsen lez.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Jauna, irakatsi eiguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi eutsen lez.


Eskariak

     Bedeinkatu daigun, salbazino-sasoi hau samurtasunez opa deuskun gure Salbatzailea, eta egin deiogun otoitz, esanez:

Kristo, arimen ogi eta sendagai: sendotu gaizuz.

     —Egizu, Jauna, Eukaristi-mahaian asetu ondoren, * Pazko-opariaren frutuetan bete-betean izan daigula parte.

     —Emoiguzu, zure hitza bihotz on eta zabalean gordetzea, * iraupenean uzta emon daigun.

     —Egizu, zure laguntzaile leialak izan gaitezala, mundu honetan zuzentasun gehiago sortzeko, * zure Eleizearen bitartez, errezago zabaldu dadin bakearen barria.

     —Pekatari gara, Jauna, pekatari: * urratu eizu gure pekatua zure grazia salbagarriaz.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian)

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
 

Otoitza

     Begitu, Jauna, zure familiari eta emoiguzu, gorputzeko penitentziaren sari lez, Zuganako gogo bizia izatea. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan. 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.


V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.