20250131

IV. Astelehena

GARIZUMAKO LAUGARREN ASTELEHENA

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen.


Goratzarrea

 


1 Ant. Zeure maitasunaz, Jauna, asetu gaizuz goizean.

89 Salmoa

Jauna, gure igesleku Zeu izan zara,
     gizalditik gizaldira.

Mendiak erne baino lehen,
     lurbirea sortu baino lehenago,
     bazara Zu Jainko,
     betirik eta betiko.

Hauts bihurtuazoten dozuz gizakiak, hauxe esanez:
     «Bihurtu zaiteze gizaseme-alabok».
     Zure begientzat mila urte,
     atzo igaro zan eguna haina,
     gau-txanda bat haina.

Amets gauzatzen dira Zuk eroatean,
     goizeko bedar eze antzean:
     goizean ezerik da garatzen,
     arratsaldean zimeltzen da eta igartzen.

Zure hasarreaz lur jota dagoz-eta,
     zure suminaz, izuturik.
     Begi-aurrean ipini dituzu gure pekatuak,
     zure aurpegiaren argitan gure txarkeria ezkutuak.

Gure egun guztiak
     zure hasarretan igaro jakuz,
     gure urteak intziri baten amaitu jakuz.

Gure egun guztiak hirurogei ta hamar urte,
     bizkor izanean, laurogei urte,
     eta gehienak neke ta huskeria,
     berehala doaz-eta,  gu hegaz goaz.

Nork ezagutu dau zure hasarrearen indarra?
     nork zure sumina, zor jatzun ikaraz?

Gure egunak bat-banatzen erakutsi eiguzu,
     bihurtu dakigula bihotz hau zuhur.
     Bihurtu zakiguz, Jauna; noiz arte?
     Jarri zaitez zure morroien alde.

Zure maitasunaz asetu gaizuz goizean,
     gure egun guztietan
     poztu eta alaitu gaitezan.

Poztu gaizuz, goibeldu gaituzun egunen ordez
     ikusi doguzan gatx-urteen ordez.

Zure lana agertu bedi zure morroiengan,
     eta zure aintza zure seme-alabengan.

Geugana bedi Jaunaren,
     gure Jainkoaren ontasuna,
     gure esku-lanean lagundu gaizuz,
     eta gure eskuen lana lagundu eizu!

Aintza Aitari eta Semeari
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zure maitasunaz, Jauna, asetu gaizuz goizean.

 

2 Ant. Lur-bazterretik Jaunaren ospea.

Kantika: Is 42, 10-16

Kanta Jaunari kantu barri,
     Haren gorespena lurraren bazterreraino heldu bedi.
     Ekin orroka itsaso eta itsas-barren,
     ugarte eta hango biztanle.

Alaitu bediz basamortu eta hango uriak
     Kedar-zelaietan bizi diranak.
     Petratarrak, oihuka ekin,
     mendi-ganean irrintzi egin.
     Jaunaren aintza abestu beie,
     ugarteetan emon beioe ospe.

Badoa Jauna indartsu bat lez,
     sutan doa gudari bat lez.
     Irrintzia bota oihu-oihuka
     eta badoa ausarta etsaiaren aurka.

Isilik egon naz aspaldi honetan,
     berba barik dot dana jasan.
     Umegina lez dihardut garrasika,
     ito-zorian arnas-estuka.

Idortuko ditut mendi eta mendixkak,
     igartuko bedarrak,
     lehortuko ditut ibaiak,
     txukatuko aintzirak.

Gidatuko ditut itsuak bide harrotzetan,
     eta eroango bidezidor ez-ezagunetan.
     Argi bihurtuko deutset iluna,
     eta zelai, malkarrak.

Aintza Aitari eta Semeari
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta maibako egunetan. Amen.

Ant. Lur-bazterretik Jaunaren ospea.

 

3 Ant.  Goretsi eizue Jaunaren izena, Jaunaren etxean zagozenok.

Salmoa 134, 1-12 

Goretsi eizue Jaunaren izena,
     goretsi ha, Jaunaren mirabeak.
     Jaunaren etxean zagozenok,
     Jaunaren, gure Jainkoaren, atarietan zagozenok.

Goretsi eizue Jauna ona dalako,
     eresi eiozue Haren izenari gozoa dalako.
     Jakob hautatu dau-ta Jaunak beretzat,
     Israel bere ondaretzat.

Badakit handi dana Jauna,
     jainko guztien aldean nagusi gure Jauna.
     Nahi dauan guztia egin dau Jaunak zeru-lurretan,
     itsasoan eta ur-sakon guztietan.

Hodeiak lurraren bazterretatik ekartzen dauz,
     tximistez euria ekartzen dau,
     haizea bere txokoetatik ataratzen dau.

Jo ditu Egiptoko lehen seme-alabak,
     gizaki eta abereak.
     Mirari eta ikusgarriak egin ditu, Egipto, zure erdian,
     Faraonen eta haren morroi guztien kaltetan.

Atzerri ugari jo ditu, errege bizkorrak hil ditu:
     Sijon, amortarrena, eta Og, basandarrena,
     Kanaango errege danak.
     Hareen lurra emon deutso ondaretzat,
     bere herri Israeli ondaretzat.

Aintza Aitari eta Semeari
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Goretsi eizue Jaunaren izena, Jaunaren etxean zagozenok.

 

Jainkoaren hitza

Ur 19, 4-6a

     Ikusi dozue egiptoarrei egin deutsedana, eta zuek arrano-hegoetan eroan zaituedala, eta Neugana erakarri. Orain, beraz, benetan entzuten badozue nire hitza, eta nire ituna gordetzen, zeuek izango zarie nire ondasun berezia, herri guztien aurrean, neurea da-ta lur osoa; zuek, barriz, abade-herri eta herri santu izango zarie Niretzat.


R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant. Osatu nauanak esan deust: Hartu zure esku-ohea eta zoaz bakean.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Osatu nauanak esan deust: Hartu zure esku-ohea eta zoaz bakean.

 

Eskariak

     Bedeinkatu daigun Jaungoiko Aita, Garizumako egun honetan gorespen-opari hau eskeintzeko bidea emon deuskulako, eta egin deiogun otoitz, esanez:

Zeure hitzaz argitu gaizuz, Jauna.

     —Jainko guztiz ahaltsu eta errukior, emoiguzu otoitzerako eta penitentziarako zaletasuna, * Zuganako eta lagunenganako maitasunean sutu gaitezan.

     —Emoiguzu, Jauna, Zeugaz lan egitea, gauza guztiak Kristogan barriztatzen, * ugaritu daitezan lurrean zuzentasuna eta bakea.

     —Izaki bakotxaren nortasuna eta balioa agertu eiguzu, * guztiok bat eginik, goratzarretan bedeinkatu zaiguzan.

     —Parkatu eiguzu, Jauna, behartsuetan, gaixoetan eta aspergarri jakuzanetan, Kristo ezagutu ez dogulako, * eta zure Semeari begirunerik izan ez deutsagulako gure senideengan.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza
     Jainko Jauna, misterio harrigarriz barritzen dozu mundua; egizu, zure Eleizeak, misteriook ospatuz, oraingo laguntzak izan daizala eta betirauneko ondasunak jadetsi. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.