20250205

Eguen Santua

GORESPENAK

 Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea

 

1 Ant. Begitu, Jauna, eta ikusi; entzun naizu behingo baten, larri nozu-ta.

79 Salmoa

Israelgo Artzain, aditu eizu,
     Jose artaldea lez larratzen dozu-ta.

Kerubin-ganean jesarten zara-ta,
     egizu dirdai Efrain, Benjamin eta Manasesen aurrera.
     Zure indarrari eragiozu,
     zatoz eta salbau gaizuz.

Jainko, birbiztu gaizuz,
     salbau gaitezan, zure begia leun agertu eizu.

Noiz arte zagoz sumin, Jauna, gudari-taldeen Jainkoa,
     zure herriaren otoitzaren aurka?

Negarra emon deuskuzu janari,
     negar-malko ugariak edari.
     Auzoen arteko burruka-bide egin gaituzu,
     eta etsaiek guri iseka dihardue.

Gudari-taldeen Jainko, birbiztu gaizuz,
     salbau gaitezan, zure begia leun agertu eizu.

Egiptotik mahatsondo bat atara zenduan,
     atzerriak jaurtirik landatu zenduan.
     Lurra zeuntsan eratu,
     lurraldea estaltzeraino zan errotu.

Mendiak gerizpean ditu bere gerizarekin,
     eta izeirik handienak bere aihenekin.
     Zabaldu ditu adarrak Itsasoraino,
     eta muskilak Ibairaino.

Inguruko hormea zergaitik deutsazu hondatu,
     bidez doazan guztiek murriztu daien?
     Basurdeek lardaska daien,
     basa-piztiek jan daien?

Bihurtu zakiguz, gudari-taldeen Jainko,
     begitu zerutik, ikusi, mahatsondo honi agertu zakioz:
     zeure eskuz landatu dozun aldaska honi,
     Zeuk indartu dozun landareari.
     Erre eta kiskali dabe eta ebagi,
     hondatu eizuz zure bekozko zorrotzarekin.

Emoiozu eskua, aukeratu dozun gizakiari,
     Zeuk indartu dozun gizakumeari.
     Ez gara Zugandik urrunduko,
     euki gaizuz bizirik eta zure izena dogu deituko.

Jauna, gudari-taldeen Jainkoa, birbiztu gaizuz,
     salbau gaitezan, zure begia leun agertu eizu.

 Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Begitu, Jauna, eta ikusi; entzun naizu behingo baten, larri nozu-ta.

 

2 Ant. Jainkoa da nire salbatzaile; ba dot uste on eta ez naz bildur.

Kantika: Is 12, 1-6

Eskerrak Zuri, Jauna; nire aurka zengozan hasarre,
     baina joan da zure hasarrea eta pozez nozu bete.
     Hara, Jainkoa da nire salbatzaile;
     badot uste on eta ez naz bildur.
     Jauna da-ta nire indar eta kemen,
     Bera izan da nire salbamen.

Atarako dozuez urak pozetan,
     salbazinoaren iturrietan.

Egun haretan hauxe esango dozue:
     «Eskerrak Jaunari, haren izena aldarrikatu eizue.
     Ezagutuazo herrietan haren eginen bikainak,
     iragarri eizue Haren izen garaia.

Kanta Jaunari, egin dauz-eta aitatzekoak,
     ezagutu beie hau lurbira osoan.
     Sionen bizi zarienok, goretsi eizue irrintzika,
     handi dago-ta Israelgo Santua zuen erdian».

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.  

Ant. Jainkoa da nire salbatzaile; ba dot uste on eta ez naz bildur.

 

3 Ant. Gari-maminez janaritzen gaitu Jaunak, eta harkatxeko eztiz asetzen.

80 Salmoa

Egin pozez oihu, laguntzaile dogun Jainkoari,
     egin txalo Jakoben Jainkoari.

Jo salterioa, tunpa zaldabaia,
     lirarekin kitara alaia.
     Jo turuta hilbarrian,
     hilabeteko gure jai handian.

Israelek dau-ta ohitura,
     Jakoben Jainkoak agindua;
     Joseri jarri eutson legea,
     Egiptotik urtetean.

Berbaro ez-ezaguna neban entzun:
     «Kendu deutsat bizkarretik zama,
     haren eskuek itzi dabe otzara-lana.
     Larrialdian oihu egin deustazu eta askatu zaitut,
     ekatxaren barrutik erantzun deutsut,
     Meribako uretan aztertu zaitut.

Entzun, ene herri, zure aurka dodan autormena,
     entzungo ete nozu Israel, agian!
     Ez izan zugan besteren jainkorik,
     ez gurtu jainko arrotzik.

Neu nozu Jauna, zure Jainkoa,
     Egiptotik Neuk zaitut atara:
     zabaldu eizu ahoa, eta izango dozu betea.

Baina nire herriak ez dau entzun nire berbea,
     Israel ez da egon nire esanera.
     Horregaitik itzi ditut euren bihotz txigorraren gurara,
     bebilz euren gogoaren arabera!

Ai, entzungo banindu nire herriak!
     Balebil Israel nire bidean!
     Haren etsaiak berehala zapalduko neunkez,
     haren etsaien aurka eskua bihurtuko neunke.

Jauna gorrotatzen dabenak menpean leukez,
     eta hareen zoria betiko horrela legoke.
     Gari-maminez janarituko neunke,
     eta harkatxeko eztiz asetu.

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.  

Ant. Gari-maminez janaritzen gaitu Jaunak, eta harkatxeko eztiz asetzen.

 

Jainkoarenhitza

Eb 2, 9b-10

     Jesus aintzaz eta ederrez koroitua ikusten dogu, igaro eban heriotzagaitik; Jaungoikoaren onginahiez, guztien onerako hartu eban heriotzea. Gauza guztiak Beretzat eta Bere bidez egin ebazanak, egokitzat jo eban seme-alaba asko aintzara eroateko, hareen salbamenaren egilea oinaze-bidez eroatea bere betera.


R/. Zeure odolaz * erosi gaituzu, Jauna. Zeure.
V/. Leinu eta hizkuntza, herri eta enda guztietakoak. Erosi.
R/. Aintza Aitari. Zeure.


Bened. ant.  Baneukan gogoa Pazko-afari hau zuekaz jateko nire nekaldi-aurretik.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Baneukan gogoa Pazko-afari hau zuekaz jateko nire nekaldi-aurretik.

 

Eskariak

     Kristo betiko Abadeari, giltzapetuei parkamena iragartzeko, Aitak Espiritu Santuaz gantzutu ebanari, apalik eskatu deiogun:

Jauna, erruki zakiguz.

      —Jerusalemera igon zendun, Jauna, nekaldia jasanik, aintzan sartzeko: * eroaizu zure Eleizea betiko Pazkora.

      —Kurutzean josirik, lantzaz zulatua izan zinan Horrek, * osatu eizuz gure zauriak.

      —Zure kurutzea bizi-zugatz bihurtu zendun Jaun Horrek, * emoiezuz haren frutuak Bateoan berbiztutakoei.

—Kurutzetik zintzilik zengozala, lapur damutuari parkatu egin zeuntsan Jaun Horrek, * parkatu guri, pekatarioi.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

     Zeu maitatzea da, Jauna, gure salbamena; emoiguzuz, ba, ugari zure dohaiak; eta egizu, Zure Semearen heriotzaz gure sinismenak agintzen deuskuna jadestea itxaroten dogun lez, Haren biztuera zoriontsuaz gure bihotzak nahi dauana lortu daigula. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan. 


Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.