20250131

II. Zapatua

GARIZUMAKO II. ZAPATUA

GORESPENAK 

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea

 

1 Ant. Goizean zure maitasuna iragartzen dogu, Jauna, eta gauez zure leialtasuna.

91 Salmoa

On da Jaunari eskerrak emotea,
    eta zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea;
    goizean iragartzea zure maitasuna,
    eta gauez zure leialtasuna;
    hamar hariko salterio eta lirarekin,
    kantuz eta kitararekin.

Zuk eginek, Jauna,
    atseginez betetzen nabe,
    zure esku-lanek pozetan nauke.
    Bai handi, Jauna, Zuk egindakoak,
    bai sakonak dirala zure asmoak!

Ez ditu sumatzen burugabeak,
    ez ulertzen zentzun bakoak.
    Gaiztoak bedarra lez hazten badira be,
    eta gaizkile guztiak loratzen,
    betiko hondamendia izango dabe azken.

Jauna, Zu, ostera,
    beti eta beti garai zara.
    Hara, zure etsaiak, Jauna,
    hara, zure etsaiak galduko dira,
    gaizkileak sakabanatuko dira.

Baina niri basa-idiaren indarra emon deustazu,
    orio oso garbiz gantzutu nozu.
    Nire arerioak lotsaturik ikusi ditut,
    nire aurka jagi diran gaiztoen hondamena entzun dot:

«Loratuko da zintzoa palmondoa lez,
    haziko da Libango izaia lez;
    Jaunaren etxean landatua,
    gure Jainkoaren atarietan loratua.

Emongo dabe uzta zahartzaroan be,
    mardul eta gordin egongo dira.
    Iragarriko dabe ze zuzena dan Jauna,
    nire Harkatxa, Beragan gaiztakeriarik ez daukana».

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Goizean zure maitasuna iragartzen dogu, Jauna, eta gauez zure leialtasuna.

 

2 Ant. Emoiozue gure Jainkoari aitamenik onena.

Kantika: Dt 32, 1-12

Entzun, zeruak, berba egin behar dot!
    Entzun bei lurrak nire ahotik berbaldia!
    Isuri bei euri-antzera nire irakaskizuna,
    jatsi bedi ihintza lez nire jarduna;
    langarra bedarrera lez, euria larratzera lez.
    Jaunaren izena zabalduko dot-eta,
    emoiozue gure Jainkoari aitamenik onena.

Harkatxa da Bera; Haren lanak on-biribilak dira,
    Haren bide guztiak zuzenak dira.
    Leiala da Jauna, gatxik bakoa, zuzena eta zintzoa.

Txarto jokatu jakoz seme endekatuak,
    gizadi gaizto eta saihestua.
    Hau ete da Jaunarentzat ordaina?
    Herri zentzun bako ta ezjakina!
    Ez da, ba, Bera zure aita, zu sortu zaituana,
    egin eta eratu zaituana?

Oroitu zaitez behinolako egunetaz,
    hausnartu eizu gizaldi guztien urteetaz.
    Galdetu eiozu aitari eta esango deutsu,
    gurasoei, eta egingo deutsue berba.

Goi-goikoak herriei lurrak banatu eutsezanean,
    Adanen seme-alabak zabaldu zituanean,
    Israelgo seme-alaben kopuruaren arabera
    ezarri eutsezan herriei mugak;
    bere herria dau Jaunak bere partea,
    Jakob, bere ondare-zatia.

Han aurkitu eban lur itzian,
    basamortu iluneko orro-artean.
    Altzoan hartu eban eta gozatu,
    bere begi-ninia lez zaindu.

Arranoak habiako umeei hegaz eginazoten deutsen lez,
    ganean dardaratuz hegoak:
    Bere hegoak hedatuz ekarri ebazan,
    bere lumen ganean jaso ebazan.

Jaunak baino ez ebazan eroan.
    Ez zan Haregaz beste jainkorik.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Emoiozue gure Jainkoari aitamenik onena.

 

3 Ant.  Bai miragarria, Jauna, zure izena, lurbira osoan!

8 Salmoa

Jauna, gure Jauna,
    bai miragarria zure izena, lurbira osoan!

Zeruen ganetik gora,
    zure handitasuna!
    Umetxoen eta sein bularrekoen ahotik
    atara dozu gorespena, arerioak isilduazoteko,
    etsaiak eta aurkakoak zentzuzko bihurtzeko.

Zure atzamarren lana dan ortzia ikustean,
    han ipini dituzun ilargi-izarrak ikustean:
    Zer da gizakia, Zu haretaz oroitu zaitezan?
    Edo-ta gizakumea, Zu haretaz arduratu zaitezan?

Aingeruak baino doi-doi txikiago egin dozu,
    ospez eta aintzaz koroatu dozu.
    Zure esku-lan guztien buru ipini dozu,
    guztia oinperatu deutsazu:

Ardi eta idi guztiak,
    ganera lurreko abere guztiak;
    eguratseko hegazti eta itsasoko arrainak,
    itsas-bidexketan dabilzanak.

Jauna, gure Jauna,
    bai miragarria zure izena, lurbira osoan!

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Bai miragarria, Jauna, zure izena, lurbira osoan!

 

Jainkoaren Hitza

Is 1, 16-18

     Garbitu zaiteze, garbitu; kendu nire begien aurretik zuen egintza gaiztoak; itzi oker egiteari, ikasi on egiten; bilatu eizue zuzentasuna, lagundu zapalduari, emon berea umezurtzari, eta egin alargunaren alde. Erdu orduan, kontuak garbitzera —dino Jaunak—; zuen pekatuak gorrimin balira be, edur zuri bihurtuko dira; eta purpura baizen gorri balira be, artule zuri izango dira.

 

R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant.  Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka; ez dot gehiago zure seme izenik merezi; hartu naizu zure morroi arteko bat lez.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka; ez dot gehiago zure seme izenik merezi; hartu naizu zure morroi arteko bat lez.

 

Eskariak

     Salbatu gaituen Kristori, beti eta nahinon eskerrak emon deioguzan, eta uste osoz eskatu:

Zatorkiguz, Jauna, zure graziaz laguntzera.

     —Iguzu, gure gorputzak kutsatu barik gorde daiguzala, * Espiritu Santua bizi dadin han.

     —Erakutsi eiguzu, goiz-goizetik senideen laguntzan jartzen, * eta egun guztian zure nahia betetzen.

     —Egizu, betiko bizitzarako irauten dauan ogia bilatu daigula, * Zeuk emoten deuskuzu-ta.

     —Pekatarien ihes-leku dan zure amak egin daiala otoitz gure alde, * Zuk gure pekatu guztiak parkatu daizuzan. 

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

     Jainko Jauna, lur honetan gagozala, zeruko ondasunen jabe egiten gaituzu zure sakramentuei esker; zuzendu gaizuz oraingo bizitzan, Zu zagozan argitara heldu gaitezan. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.

R/. Eskerrak Jainkoari.