20250205

Astelehen Santua

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
     Hasieran zen bezala orain eta beti
     gizaldi eta gizaldietan. Amen. 

 

Goratzarrea

 

1 Ant. «Nahigabez hiltzeko zorian nago; gelditu zaiteze hemen, eta egon erne Neugaz batean», esan eutsen Jesusek.

41 Salmoa

Basahuntza iturrien irrika lez,
halantxe daukat, Jainko, gogoa irrika Zeugana.
Nire gogoa Jainkoaz, Jainko biziaz, da egarri,
noiz joango ete naz Jainkoaren aurpegia ikustera.

Gau ta egun, negar-malkoak ditut ogi,
egunero jabiltaz: «Non dok hire Jainko hori?»
Urtutzen jat barruan gogoa hau oroituz:
zelan joaten nintzan Jainkoaren etxera,
irrintzika ta goraka, jendetzaren aurrean,
jaitarrekin batera.

Zergaitik zagoz, ene arima, lur-jorik?
Zergaitik, egon-ezinik?
Itxaron Jainkoagan, barriro ere Bera dot-eta goretsiko,
nire aurpegiaren salbazino eta nire Jainko.

Atsekabez daukat bihotza,
eta gogoan zaitut Jordan-lurretik,
Hermondik eta Misar-menditik.
Lezak lezeari deadar zure ur-jauzien durunduan,
zure olatu eta ur-tontorrak nire ganetik igaro dira.

Egunez bialduko deust Jaunak bere grazia,
eta gauez egingo deutsat eresi,
otoitz egingo, bizi nauan Jainkoari.

Hauxe esango deutsat Jainkoari:
«Ene Harkatx, zergaitik naukazu ahazturik?
Zergaitik nabil goibel, etsaiak zapaltzen nauala?

Hazurrak xehatzen jataz, etsaiek isekatzen nabenean,
«Non dok hire Jainko hori?» egunero niri esatean.

Zergaitik zagoz, ene arima, lur-jorik?
Zergatik, egon-ezinik?
Itxaron Jainkoagan, barriro ere Bera dot-eta goretsiko,
nire aurpegiaren salbazino eta nire Jainko.

Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. «Nahigabez hiltzeko zorian nago; gelditu zaiteze hemen, eta egon erne Neugaz batean», esan eutsen Jesusek.

 

2 Ant. Oraintxe da munduaren auzia; orain, mundu honetako nagusia kanpora haizatuko dabe.

Kantika: Sir 36, 1-7. 13-16

Gauza guztien Jainko, salbau gaizuz;
atzerri guztietan Zeuganako bildurra sartu eizu.
jaso zure eskua beste herrien aurka,
ikusi daien zure ahalmena.

Gu zigortuz, santu agertu zara-ta hareen aurrean,
holan, hareek zigortuz, agertu zaitez handi gure aurrean.
Jakin daien, Jauna, geuk dakigun lez,
Zeu beste jainkorik ez dala.

Barritu eizuz mirariak, barriztau harrigarriak,
zure esku eta besoari emoiezu ospea.
Batu eizuz Jakoben leinu guztiak,
behinola lez emoiezu euren ondarea.

Erruki zakioz, Jauna, zure izena daroan herriari,
zure lehen-semetzat hartu dozun Israeli.
Erruki zakioz zure uri santuari,
Jerusalemi, zure bizilekuari.
Bete eizu Sion zure handitasunez,
eta zure jauretxea zure edertasunez.

Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Oraintxe da munduaren auzia; orain, mundu honetako nagusia kanpora haizatuko dabe.


3 Ant. Sinismenaren iturri eta helburu dan Jesusek kurutzea eroan eban, lotsakizuna ezetsita; eta orain Jaungoikoaren eskoi-aldean jesarrita dago.

18 Salmoa

Ortziak Jainkoaren ospea dau zabaltzen,
zeru urdinak Haren esku-lana iragartzen.
Bialtzen deutso hitza egunak egunari,
barri emoten gauak gauari.

Ez da hitzik, ez berbetarik,
ez da hotsik, entzun daitekeanik:
Lur guztira zabaltzen da hareen hotsa,
lurbiraren mugaraino hareen berbetea.

Han ipini deutso eguzkiari egoitza,
urteten dau, senarrak bere gelatik lez;
pozik doa gizon indartsu antzera,
bere ibil-bidea egitera.

Zeru-bazterretik urteten dau,
eta beste bazterreraino haren txangoa,
inork ezin daike hutsegin haren beroa.

Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Sinismenaren iturri eta helburu dan Jesusek kurutzea eroan eban, lotsakizuna ezetsita; eta orain Jaungoikoaren eskoi-aldean jesarrita dago.


Jainkoaren hitza

 Jr 11, 19-20

    Hiltzera daroen bildots eztia lez nintzan ni; ez nekizan ni hiltzeko erabilezan asmoak. «Bota daigun zugatza bere mardulean; kendu daigun bizidunen lurretik; ez bedi gehiago haren izenik aitatu». Baina Zuk, diran guztien Jaun Horrek, zuzen epaitzen dozu, bihotz-guntzurrunak aztertzen dituzu. Ikusiko dot nik, Jauna, ene Jainkoa, harei emoten deutsezun ordaina, zeure eskuetan itzi bait dot-eta nire auzia.

 

R/.  Zeure odolaz * erosi gaituzu, Jauna. Zeure.
V/.  Leinu eta hizkuntza, herri eta enda guztietakoak. Erosi.
R/.  Aintza Aitari. Zeure.

Bened. ant. Aita zuzena, munduak ez zaitu ezagutu; baina Nik ezagutu zaitut eta honeek ere ezagutu dabe Zeuk bialdu nozula.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Aita zuzena, munduak ez zaitu ezagutu; baina Nik ezagutu zaitut eta honeek ere ezagutu dabe Zeuk bialdu nozula.


Eskariak

     Egin deiogun otoitz bere heriotzearen eta biztuerearen bitartez erosi gaituan Kristo Salbatzaileari, esanez:

Jauna, erruki zakiguz.

     —Jerusalemera igon zendun, Jauna, nekaldia jasanik, aintzan sartzeko: * eroaizu zure Eleizea betiko Pazkora.

     —Kurutzean josirik, lantzaz zulatua izan zinan Horrek, * osatu eizuz gure zauriak.

     —Zure kurutzea bizi-zugatz bihurtu zendun Jaun Horrek, * emoiezuz haren frutuak Bateoan berbiztutakoei.

—Kurutzetik zintzilik zengozala, lapur damutuari parkatu egin zeuntsan Jaun Horrek, * parkatu guri, pekatarioi.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian). 

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

     Jainko ahalguztiduna, egizu, gure makaltasunakaitik jausten garanak bizi-barritu gaitezela, zure Seme maitearen nekaldiari esker, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.