20250201

IV. Zapatua

GARIZUMAKO LAUGARREN ZAPATUA

GORESPENAK 

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen.

 

Goratzarrea


1 Ant. 
On da zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea, eta goizean zure maitasuna iragartzea.

91 Salmoa

On da Jaunari eskerrak emotea,
     eta zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea;
     goizean iragartzea zure maitasuna,
     eta gauez zure leialtasuna;
     hamar hariko salterio eta lirarekin,
     kantuz eta kitararekin.

Zuk eginek, Jauna, atseginez betetzen nabe,
     zure esku-lanek pozetan nauke.
     Bai handi, Jauna, Zuk egindakoak,
     bai sakon dirala zure asmoak!

Ez ditu sumatzen buru bakoak,
     ez ulertzen zentzun bakoak.
     Gaiztoak bedarra lez hazten badira be,
     eta gaizkile guztiak loratzen,
     betiko hondamendia izango dabe azken.

Jauna, Zu, ostera,
     betien-beti garai zara.
     Hara, zure etsaiak, Jauna,
     hara, zure etsaiak galdu egingo dira,
     gaizkileak sakabanatu egingo dira.

Baina niri basa-idiaren indarra emon deustazu,
     orio oso garbiz gantzutu nozu.
     Nire etsaiak lotsaturik ikusi dodaz,
     nire aurka jagi diran  gaiztoen hondamena entzun dot:

«Zintzoa palmondoa lez loratuko da,
     Libango izaia lez haziko da;
     Jaunaren etxean landatua,
     gure Jainkoaren atarietan loratua.

Emongo dabe uzta zahartzaroan be,
     mardul eta gordin egongo dira.
     Iragarriko dabe ze zuzena dan Jauna,
     nire Harkatxa, Beragan gaiztakeriarik ez daukana».

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. On da zure izenari, Goi-goiko, eresi egitea, eta goizean zure maitasuna iragartzea.

 

2 Ant. Bihotz barria emongo deutsuet, eta barruan arnasa barria ezarriko.

Kantika: Ez 36, 24-28

Neuk hartuko zaituet atzerrietatik,
     lur guztietatik batuko,
     eta zuen lurraldera ekarriko.

Ur garbiz zipriztinduko zaituet:
     eta garbituko zarie zikin guztitik;
     garbituko zaituet zuen sasi-jainkoetatik.

Bihotz barria deutsuet emongo,
     eta barruan arnasa barria ipiniko.
     Kenduko dot zuen soinetik harrizko bihotza,
     jarriko deutsuet haragizko bihotza.

Neure arnasea ipiniko dot zuen barruan
     eta neure legebidean ibiliazoko zaituet,
     nire aginduak zaindu daizuezan eta bete.

Nik zuen arbasoei emondako lurrean bizi izango zarie.
     Nere herri zarie zuek izango
     eta Ni zuen Jainko.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Bihotz barria emongo deutsuet, eta barruan arnasa barria ezarriko.

 

3 Ant.  Umetxoen eta sein bularrekoen ahotik, Jauna, atara dozu gorespena.

8 Salmoa

Jauna, gure Jauna,
     bai miragarria zure izena, lurbira osoan!

Zeruen ganetik gora,
     zure handitasuna!
     Umetxoen eta sein bularrekoen ahotik
     atara dozu gorespena, arerioak isilduazoteko,
     etsaiak eta aurkakoak zentzuzko egiteko.

Zure atzamarren lana dan ortzia ikustean,
     han ipini dituzun ilargi-izarrak ikustean:
     Zer da gizakia, Zu haretaz oroitu zaitezan?
     Edo-ta gizakumea, Zu haretaz arduratu zaitezan?

Aingeruak baino doi-doi txikiago egin dozu,
     ospez eta aintzaz koroatu dozu.
     Zure esku-lan guztien buru ipini dozu,
     guztia oinperatu deutsazu:

Ardi eta idi guztiak,
     ganera lurreko abere guztiak;
     eguratseko hegazti eta itsasoko arrainak,
     itsas-bidexketan dabilzanak.

Jauna, gure Jauna,
     bai miragarria zure izena, lurbira osoan!

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Umetxoen eta sein bularrekoen ahotik, Jauna, atara dozu gorespena.

 

 Jainkoaren hitza

Is 1, 16-18

     Garbitu zaiteze, garbitu; kendu nire begien aurretik zuen egintza gaiztoak; itzi oker egiteari, ikasi on egiten; bilatu eizue zuzentasuna, lagundu zapalduari, emon berea umezurtzari, eta egin alargunaren alde. Erdu orduan, kontuak garbitzera —dino Jaunak—; zuen pekatuak gorrimin balira be, edur zuri bihurtuko dira; eta purpura baizen gorri balira be, artule zuri izango dira.

 

R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

Bened. ant.  Gaurdaino ez dau inork berba egin gizon honek lez.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Gaurdaino ez dau inork berba egin gizon honek lez.


Eskariak

     Salbatu gaituen Kristori, beti eta nahinon eskerrak emon deioguzan, eta uste osoz eskatu:

Zatorkiguz, Jauna, zure graziaz laguntzera.

     —Iguzu, gure gorputzak kutsatu barik gorde daiguzala, * Espiritu Santua bizi dadin han.

     —Erakutsi eiguzu, goiz-goizetik senideen laguntzan jartzen, * eta egun guztian zure nahia betetzen.

     —Egizu, betiko bizitzarako irauten dauan ogia bilatu daigula, * Zeuk emoten deuskuzu-ta.

     Pekatarien ihes-leku dan zure amak egin daiala otoitz gure alde, * Zuk gure pekatu guztiak parkatu daizuzan. 

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

     Jauna, zure errukiak zuzendu daizala gure bihotzak Zu barik ezin izan geintekez-eta zure gogoko. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan. 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.

R/. Eskerrak Jainkoari.