20250131

III. Astelehena

GARIZUMAKO HIRUGARREN ASTELEHENA

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera. 

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. 

 

Goratzarrea


1 Ant. Bai dohatsu, Jauna, zure etxean bizi diranak.

83 Salmoa

Zure egoitza, gudari-taldeen Jauna,
     bai maitagarria dala!

Agortzen daukat nire arimea,
     irrikaz daukat Jaunaren atarira.
     Nire bihotz eta haragi
     Jainko biziagana poz-jauzika dabilz.

Txoriak ere aurkitzen dau etxea,
     baita elaiak ere kumeak ipintzeko habiea:
     zure altarak, gudari-taldeen Jauna,
     ene Errege ta ene Jainkoa!

Bai dohatsu zure etxean bizi diranak;
     beti Zu goresten diharduenak!
     Bai dohatsu, Zugandik laguntza dauana,
     erromes-txangoak asmatzen dituana!

Ibar Lehorra igarotzean, iturri dabe bihurtzen,
     eta lehenengo euriak onespenez dau jazten.
     Badoaz gero ta kementsuago,
     Jainkoa Sionen noiz ikusiko.

Entzun nire otoitza, Jauna, gudari-taldeen Jainko,
     erne belarria, Jakoben Jainko.
     Begitu eiozu, Jainko, gure Babeskiari,
     begitu zure Gantzutuaren aurpegiari.

Hobe da, jakina!, egun bat zure atarietan,
     eta ez mila bestelakoetan;
     Jainkoaren etxe-atarietan egotea nik nahiago,
     gaiztoen etxean bizi izatea baino.

Eguzki eta babeski jat Jainko Jauna,
     grazia ta ospea emoten ditu Jaunak.
     Jaunak on danik ukatzen ez daki,
     errugabe dabilanari.

Gudari-taldeen Jauna, bai dohatsu,
     Zugan uste on dauan gizakia.

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Bai dohatsu, Jauna, zure etxean bizi diranak.

 

2 Ant. Erdu!, igon daigun Jaunaren mendira.

Kantika: Is 2, 2-5

Azken-egunetan, Jaunaren etxearen mendia
     sendo izango da jarria:
     muno guztien ganetik, mendi guztien buru,
     Atzerri-jendeak bertara joko dau.

Herri asko joango dira esanez:
     «Erdu!, igon daigun Jaunaren mendira,
     Jakoben Jainkoaren etxera:

Berak erakutsiko deuskuz bere bideak,
     eta Aren bidezidorretan ibiliko gara;
     Siondik urtengo dau-ta legeak,
     eta Jerusalemdik Jaunaren hitzak».

Berak epaituko dauz atzerriak,
     auzitara ekarriko herriak eta herriak.

Golde bihurtuko dabez ezpatak,
     eta igitai, lantzak.
     Ez dau herrik herriren aurka ezpatarik jasoko,
     ez dira gudurako barriro trebatuko.

Zatoz, Jakoben etxea,
     ibili gaitezan Jaunaren argitan.

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Erdu!, igon daigun Jaunaren mendira.

 

3 Ant.  Kanta Jaunari, bedeinkatu Haren izena.

95 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri, 
     kanta, lur osoa, Jaunari.
     Kanta Jaunari, bedeinkatu Haren izena,
     iragarri egunez egun, Harengandiko salbamena.

Zabaldu Haren ospea atzerrietan,
     Haren mirariak herri guztietan.
     Handi da-ta Jauna, eta guztiz goresgarri,
     jainko guztien aldean itzalgarri.

Irudi huts dira atzerriko jainko guztiak,
     Jaunak, ordea, zeruak egin ditu.
     Distira ta edertasuna dagoz Haren aurrean,
     indarra ta argia Haren jauretxean.

Herrietako sendiak, emon Jaunari,
     emon Jaunari ospe ta goraldi.
     Emon ospe Jaunari bere izenaren ederrez,
     sartu zaiteze Haren atarietan opariak eroanez.

Gurtu eizue Jauna jantzi gurenean,
     ikara egizu, lurbira guztia, Haren aurrean.
     Esan eizue atzerrietan: «Jauna errege da,
     lurbira kolokatu ez dadin sendo ezarri dau,
     herriak zuzenbidez epaitzen dauz».

Poztu bedi ortzia, alaitu lurra,
     orro egin bei itsasoak bertan bizi diranakaz,
     egin beza txalo landeak bertan dagozan guztiekaz.

Poztu beitez basoko zugatzak
     Jaunaren aurrean, badatorrelako,
     lurra epaitzera datorrelako.
     Zuzenbidez epaituko dau lurbirea,
     eta leialtasunez erriak.

Aintza Aitari eta Semeari,
     eta Espiritu Santuari.
     Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Kanta Jaunari, bedeinkatu Haren izena.

 

Jainkoaren Hitza

EsZa 3, 27-32

     Ez ukatu mesederik, behar dauanari, zeure esku badago emotea. Ezer badozu, ez esan lagun-hurkoari: Zoaz, eta bihurtu gero; bihar emongo deutsut. Ez asmatu txarkeriarik zure lagun-hurkoaren kontra, bera, federik onenean, zure ondoan dagoala. Ez sartu auzitan inorekin arrazoirik barik, kalterik egin ez badeutsu. Ez izan gaiztoaren bekaizikeriarik, ez ibili haren bideetan. Jaunak gaiztoa gorroto dau-ta, eta zintzoa maite.


R/.  Berak atarako nau * ehiztarien saretik. Berak.
V/.  Bere hegoez babestuko nau. Ehiztarien.
        Aintza Aitari. Berak.

 

 

Bened. ant.  Espirituak eroanda, basamortura joan zan Jesus, deabruak tentaldian jarri eian. Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ondoren, azkenean gosetu egin zan.


Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Espirituak eroanda, basamortura joan zan Jesus, deabruak tentaldian jarri eian. Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ondoren, azkenean gosetu egin zan.


Eskariak

     Bedeinkatu daigun, salbazino-sasoi hau samurtasunez opa deuskun gure Salbatzailea, eta egin deiogun otoitz, esanez:

Sortu eizu gugan, Jauna, espiritu barri bat.

     Kristo, gure bizia, Bateoan Zeugaz hobiratu eta berbiztu gaituzun Horrek, * egizu, gaurtik hasi daigula biziera barri bat.

     Guztiok dohaiez bete gaituzun Jainko Horrek, * egizu, besteen ondasunez arduratu gaitezala.

     Iguzu, lurreko herriaren alde, batasunean lan egin daigula, * eta era berean zeruetako erreinua bilatu daigula.

     Gorputz-arimen osagile zaran Horrek, osatu eizuz gure bihotzeko zauriak, * santutasunerako laguntzak atergabe hartu daiguzan.


(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian)


Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

     Jainko ahalguztiduna, Garizumako elizkizunek eta penitentziek egiazko bihotz-berritzera eroan gaiezala Kristoren misterioa hobeto ezagutu eta bizi izan daigun. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.